XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ahozkotasunean erabiltzen diren baliabideek halako indarra hartzen dute zenbaitetan, non, maiz, erabilitako aliterazioak, errimak, soinuzko oihartzunak... erritmoarekin loturik, hitzezko esanahi kodeatuari alde egiten baitiote; hitzak soinu kateatuetan ezabatu egiten dira, erritmo eta soinu hutsezko piezak osatuz (hori asko gertatzen da haur poesian).

Zumthor-ek horietako testuen sailkapena ere entseiatu du; honako testuak bereizten ditu:

- Testu absurdoa: sintagmak bata bestearen atzetik, inongo lotura gramatikal eta semantikorik gabe.

- Atzerriko hinkuntzen bati harturiko zati nahasketa, jatorrizko hitzak erabat itxuraldatuz gehienetan.

- Hitzak letanian bezala metatzea, testuingururik gabe.

- Izen propioekin apostrofe eran sailak osatuz.

- Silaba bakarreko soinuak, esanahi garbirik gabe (hitz, onomatopeia, interjekzio...).

Ahozkotasunaren baliapide ororen oinarrian errekurrentziarako joera nabarmentzen da (eta ez da batere harritzekoa, errekurrentzia baita gorde beharraren itzulbidea).

Errekurrentziaren eginbeharretik datoz errepikak, letaniak (egitura beti errepikatzailez osatzen direnak), biko eta hiruko zatiketak, eta abar.

Bestalde, adierazi dugun entzute-esate horrek funtzio fatikoaren nagusitasuna dakar.

Esataria etengabe deitzen ari da bere ingurura, hitza biziarazteko, hitzari hartzailea bilatzearren; poeta dei bilakatzen da (esan dugu nola ahozko kulturetan poeta ahotsarekin identifikatzen den).

Entzute-esate horren prozesuan gorputzaren aldea lehen mailan jartzen da (ikusten dena, mugitzen dena) ahotsarekin batera (esan-entzun).

Gorputzaren mugimendu eta keinuak, begiradaren nora-nolakoak adierazgarritasun berezia dute ahozko arloan (...).